IKURRINA OPERAZIOA
Sabino eta Luis Arana Goiri anaiek Ikurrinaren ideia gauzatu zuten 1894ko uztailaren 14a baino egun batzuk lehenago, egun hartan, arratsaldeko seietan Euskeldun Batzokijan jaso baitzen lehen aldiz Posta kalean, Bulebarrarekin bat egiten zuen kantoian, garai hartan 24. zenbakia zuen eraikineko bigarren solairuko lokalak inauguratu zirenean.
Lehen Ikurrina hau, artilez egina, Ciriaco Iturri Urlezagak jaso zuen. Hurrengo urteko irailaren 12an espainiar agintariek atzeman zuten Euskeldun Batzokija ixteko agindu zutenean.

Zein da Ikurrinaren esanahia?
Ikurrina, hasiera batean behintzat, Bizkaiko bandera izateko sortu zen, lurraldeak lehenagotik zuen ikurra gogora ekarriz, armarria,alegia, eta Aranak egiten zuen interpretazioaren arabera moldatuta.Banderaren hondo gorria da,izan ere, Bizkaiko armarriarena, Sabino Aranaren aburuz zilar kolorekoa izan beharrean,gorria izan behar baitzuen. Ikoroski berdea da Bizkaiko armarritik atera zuen beste elementua, Gernikako arbolaren sinboloa jasoz. Ander deunaren gurutzeak gogorarazten ditu Aberriaren alde eginiko borroka eta IX. mendean bizkaitarren eta gaztelatarren artean eman zen Arrigorriagako borrokaldia, tradizioaren arabera azaroaren 30ean izan baitzen, Ander deunaren egunean,zeinari ikoroski formako gurutze batean eman baitzioten nekaldia.
Hitz soilez esanda, Ikurrinaren esanahia azaltzeko esan izan da hondo gorriak Euskal Herria irudikatzen duela , ikoroski berdea Independentzia eta gurutze zuria garai batean bizitzari ematen zitzaion ikuskera kristaua.

Jesús Galíndez
Araban sortu zen euskal abertzale esanguratsua.
Amurrion jaio zen 1915eko urriaren 12an. Ama zendu zitzaionean, barneko ikasle gisa egon zen zortzi urtetan Madrilen, Chamartin-eko Jesuiten Ikastetxean. Zuzenbide ikasketak egin bitartean Madrilgo Euzko Ikasle Batzako kide egin zen. 1932an EAJ-PNVko alderdikide egin zen.
Urte bete beranduago, hamazortzi urte zituela, Madrilen argitaratu zituen bere lehen bi idazlanak “M. N.” eta”M. L. Tierra de Ayala, su Señorío y su Fuero e Ideas políticas de Saavedra Fajardo”. Geroago idatziko zituen beste hainbat.
1936ko ekainaren 20an Zuzenbidean lizentziadun egin zen eta irakasle-laguntzaile lanetan hasi zen Zuzenbide Zibileko Katedran.
Demokraziaren kontrako altxamendu militarra piztu zenean, agregatu juridiko gisa lan egin zuen preso eta desagertuen atalean, EAJ-PNVk Madrilen zuen Ordezkaritzan. Erakunde hau Euzko Jaurlaritzaren Ordezkaritza bihurtuko zen aurrerago. Irujo Justiziako Ministroa zelarik, Espetxeen Zuzendaritza Nagusiko Letradu Aholkulari kargua izan zuen eta gerra amaitu arte Brigada Vasco-Pirenaicako ofizial juridiko gisa jardun zuen.
Errepublikako gobernua guda zibiletik galtzaile atera zenean, Frantziara joan zen eta handik Dominikar errepublikara,non unibertsitateko irakasle eta Euzko Jaurlaritzaren ordezkari izan zen. Hainbat liburu argitaratu zituen garai hartan.
1946an Euzko Jaurlaritzak Nueva York hirian zuen Ordezkaritzan hasi zen lanean. Han jarraitu zuen bere ikerketa- eta irakaskuntza- lanekin, Columbiako Unibertsitatean,hain zuzen, aldi berean Filosofia ikasketak egiten zituelarik.

Doktorego tesia Trujilloren diktadurari buruz egin zuen. Ezin izan zuen tesia aurkeztu martxoaren 12an dominikar agenteek bahitu zutelako. Betiko desagertu zen 41 urte zituela.
José Antonio de Agirre
Abokatu eta politikaria. Euzko Jaurlaritzaren lehen Lehendakaria izan zen.
Bilbon jaio zen, 1904ko martxoaren 6an. 1924an Zuzenbidean lizentziadun egin zen eta bi urte geroago bulegoa inauguratu zuen hiribilduan.Gazte denboretan Juventud Católica-ko kidea izan zen, bai eta Bilboko Athletic-eko jokalari ere.
1931eko udal hauteskundeetan Getxoko alkate aukeratu zuten, Euzko Alderdi Jeltzalearen ordezkari gisa. Kargu hori bete zuen 1933ko uztailaren 6ra arte. Alkate zelarik Euskal errepublika aldarrikatu zuen, eta errepublika federalaren baitan euskal autonomia aldarrikatuko zuten euskal alkateen mugimenduko buru izango zen geroago.
Gorte Nagusietarako diputatu bihurtu zen EAJ-PNVren ordezkaritzan errepublikaren legealdietan, eta denetan aritu zen Euzkadiko Autonomia Estatutuaren mesedetan. Estatuko parlamentuak ez duen Estatutua onartu harik eta Espainiako II. Errepublikaren kontrako altxamendu militarra hasi zen arte. Ondorioz, 1936ko urriaren 7an lehen Euzko Jaurlaritza eratu zen. Kontzentrazio gobernua izan zen non euskal alderdi demokratiko guztiek parte hartu zuten. Jose Antonio Agirre izendatu zuen lehen Lehendakari.
Indar altxatuek Euskadi hartu zutenean, nekearen mende erori gabe lideratu zuen erbesteko Euzko Jaurlaritzaren jarduna, demokrazia berrezartzeko helburuarekin.
1940ko maiatzean Alemaniaren erasoaldiak Belgikan harrapatu zuen. Bere identitatea urte betez isilpean gorde behar izan zuen, Alemaniako hiriburuan ere, ontziratu ahal izateko eta itsaso bidez Amerikaraino iristeko.

Handik, Euzko Jaurlaritzako Lehendakari karguaz jabetu zen berriz, nazioartean Euskadiren kausaren aldeko babesa lortzeko. Demokraziek faxismoa garaituko zuten itxaropenarekin bizi arren, bere uste guztiak ustel geratu ziren.
Parisen zendu zen, 1960ko martxoaren 22an.