ÁLAVA SAREAREN OPERAZIOA
“Álava Sarea” izenez ezagutzen zena, talde handia izan zen, gehien bat emakumeek osatua. Erresistentziaren eragile aktibo izan ziren faxismoaren kontra arituz. Emakume ikusiezinak izan ziren, Guda Zibilean eta Guda ostean zeregin esanguratsua izan zutenak, bai eta Bigarren Mundu Gerran ere, kasu honetan Aliatuen alde. Espioitza lanetan aritu ziren emakume haiek ehunka eta milaka bizitza salbatu zituzten, eta Aliatuei informazio baliotsua eman zioten faxismoaren kontrako borrokan.
Luis Álava izan zen talde honen arduraduna, idazkari eta koordinatzaile lanak egin baitzituen, baina ez zen taldea baino askoz gehiago izan eta bere biziarekin ordaindu zuen Araba, Bizkaia,Gipuzkoa eta Nafarroako pertsonek beren gidaritzapean frankismoaren kontra egin zuten lana.
2018ko maiatzaren 6an 75 urte bete ziren Luis Álava Sautu fusilatu zutenetik. Madrilen hil zuten, 1943an.
Lau emakumek egituratu zuten euskal presoei elkartasuna adierazteko eta Bigarren Mundu Gerran Aliatuen aldeko espioitza lana egiteko isilpeko sare hau, Francoren diktaduraren kontrako erresistentzia ez indarrezkoa, emakume ikusiezinek egina. Lau emakume hauek ziren Tere Verdes, Bittori Etxeberria, Itizar Mujika eta Delia Lauroba.
Verdes liburudenda
Bilboko inprimatzaile eta liburu saltzaile Emeterio Verdesek Verdes izeneko liburu-denda sortu zuen 1906an. Arte Grafikoen enpresa indartsua izan zen hau ( Juan Eustaquio Delmasen ondorengoa izango zena), eta Bilboko Posta kalean 1906an ireki zenean, 36 langile ari ziren lanean.
1973an, Iker Taldeak egin zuen proposamenaren bidez (talde honek Ikastoletarako lehen liburuak egin zituen) Asun Zuluagak hartu zuen liburu-dendaren ardura- biak izan ziren liburu-dendako langile-, eta liburuak saltzen jarraitu zuten “Verdes Iker” izenpean. 2005ean itxi zen. Liburu dendaren helburua zen euskarazko liburuen erakusleiho izatea.
Urte konplikatuak izan ziren euskal kulturaren zabalkunderako. Batallón Vasco Español zeritzonaren atentatua ere sufritu zuten 1977ko uztailean. Igande batean, goizeko 7etan lehergailu batek eztanda egin zuen eta erakusleihoak leherrarazi zituen,bai eta liburu denda barruan kalte handiak eragin ere.
Liburu denda hau zegoen EGUNA,euskara hutsean egin zen lehen egunkaria zegoen kale berean.
Dendak bere garaiko oztopo guztiak gainditu zituen eta euskal kulturaren eta euskararen erreferente bihurtu zen.
Bertara joan ziren artista eta idazle garrantzitsuak, liburuak eta diskoak erostera zein liburu dendan bertan beren lanak aurkeztera.
Emeterio Verdes Atxirika
Inprimatzaile eta liburu saltzaile bilbotarra. Euskal gaietako liburuak zabaltzera dedikatu zen gehien bat.
Bilbon jaio zen 1862ko abuztuaren 31n. EAJko kide izanik, bere inprentan argitaratu ziren alderdiak ateratzen zituen eskuorri eta kartelak, bai eta euskararen gramatikak eta literatur testuak ere.
Zuzentzen zuen enpresak garrantzia handia lortu zuen arte grafikoen alorrean, JE Delmas enpresaren ondorengoa izanik. 1906an Bilboko Posta kalean inauguratu zenean 36 langile zituen. Geroago, 1920an, M.Emperaileren liburu-denda erosi zuen Gurutze kalean. 1932an 45 langile izatera iritsi zen.
Bilbon zendu zen, 1937ko maiatzaren 8an 1937.
Mª Teresa Verdes Elorriaga
Informazio-sareetako kidea. Bilbon jaio zen 1907ko apirilaren 29an.
Emeterio Verdes Atxirika eta Manuela Elorriaga Mendietaren alaba zen, gaztetatik euskal abertzaletasunarekiko harreman estua izan zuen, Emakume Abertzale Batzako kide izan zen.
Gerraren hasieratik EAJ-PNVk eta Euzko Jaurlaritzak sortutako informazio-sareetako kide izan zen. Bere erantzukizuna zen informazioa jasotzea eta Burgosko Auditoria eta Kapitaintza Nagusiko agiriak eskuratzea.
1940an Álava Sarea erori zenean beste kide guztiekin batera atxilotu zuten eta heriotzara kondenatu 1941ean. Vaticanoak esku hartu zuen eta heriotza-zigorraren ordez 25 urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Las Ventaseko kartzelan espetxeratu zuten, Madrilen.
1942an askatu zuten eta handik aurrera familiaren liburu dendako lana uztartu zuen euskal presoei ematen zien laguntzarekin, bularreko minbiziak ohean geratzera derrigortu arte.
Bilbon hil zen, 1959ko martxoaren 16an.
Bittori Etxeberria
(Elizondo, Nafarroa Garaia, 1908 – 1997ko maiatzaren 3a) EAJ-PNVko alderdikide izan zen EAB-Baztango Emakume Abertzale Batzako kide 1932tik.
Frankoren kontrako erresistentziaren informazio-zerbitzuan sartu zen 1937an. Bere lanari esker hainbat pertsona salbatu ziren.
1940an atxilotu zuten, 1947ra arte ez zuen askatasuna berreskuratu.
Bittori Etxeberria benetan esanguratsua izan zen Frankoren kontrako espioitza sarean. Álava Sarearen kiderik esanguratsuenetakoa izan zen. Talde hura zen Frankoren kontrako eta errepresaliatuei laguntzeko erakundea.
1940an, Alemaniar Gestapoak Euzko Jaurlaritzak Parisen Marceau kalean zuen egoitza okupatu zuen eta hainbat dokumentu atzeman zituen. Agiri haien artean zeuden sareak eskaintzen zuen babesari buruzko txostenak. Gestapoak gobernu frankistari informatu zion eta 1940ko abenduan lehen atxiloketak egin ziren.
Bittori abenduaren 20an atxilotu zuten. Atxilotu guztiak heriotzara zigortu zuten 1941ean. Tribunal militar batek emakumeak heriotza- zigorrera kondenatu zituen lehen kasua izan zen hau. Vaticanoari esker, heriotza- zigorraren ordez espetxe zigorra ezarri zieten. Bittorik ez zuen askatasuna 1947 urtera arte berreskuratu.
Itziar Mujika Irastorza
(Donostia, 1904ko urriaren 10a – 1992) irakasle izateaz gain EAB-Emakume Abertzale Batzako kide eta idazkari izan zen. 1937an sartu zen Francoren kontrako Euskal Erresistentziaren informazio-zerbitzuetan, Álava Sarean; taldea 1940an desagertu arte espetxeetako informazioa jaso eta zabaldu zuten. Mujikaren lanari esker hainbat pertsona salbatu ziren.
1941ean heriotzara kondenatu zuten eta 1942an 30 urteko espetxe zigorra ezarri zioten. 1944an askatu zuten, erbesteratzeko baldintzapean.
Delia Lauroba Yeregi
(Donostia-, Gipuzkoa, 1909 – Ibidem, 2004ko urriarren 11) Donostiako abertzalea, EAB-Emakume Abertzale Batzako kidea. Francoren kontrako erresistentziaren informazio-zerbitzuan sartu zen. Bere lanari esker hainbat pertsona salbatu ziren. 1940an atxilotu zuten. 1944an askatu zuten,zigorra hainbatetan laburtu ondoren.
Frankismoaren kontrako Euskal Erresistentziaren lehen informazio-sarean sartu zen senarra José Azurmendi Accion Nacionalista Vascako kapitaina atxilotu zutenean. Aurrerago, Larrinagako espetxean fusilatuko zuten Azurmendi.
Laurobak jarraitu zuen Burgos eta Puerto de Santa Maríako espetxeetako informazioa ateratzen 1940an sarekide guztiekin batera atxilotua izan zen arte 1940an, Alemaniar Gestapoak Euzko Jaurlaritzak Parisen Marceau kalean zuen egoitza okupatu zuen eta hainbat dokumentu atzeman zituen. Agiri haien artean zeuden sareak eskaintzen zuen babesari buruzko txostenak. Gestapoak gobernu frankistari informatu zion eta 1940ko abenduan lehen atxiloketak egin ziren. Atxilotu guztiak heriotzara zigortu zuten 1941ean. Tribunal militar batek emakumeak heriotza-zigorrera kondenatu zituen lehen kasua izan zen hau. Vaticanoari esker, heriotza-zigorraren ordez espetxe zigorra ezarri zieten. Delia birritan epaitu zuten eta 6 urteko espetxe zigorra ezarri zioten 1944an